Edukira joan

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea
Datuak
Motaelkartea
Jarduera sektoreaeuskara
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formaelkarte
Historia
Sorrera2002
Facebook: tturttur.euskaltzaleonbilgunea Youtube: UC8aY1vJEiRZxxg5zW0BmFSw Edit the value on Wikidata

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea Oiartzungo euskaltzaleen elkartea da. 2002an sortu zen, euskararen alde lanean ari ziren taldeen elkarlana sustatzeko. Hausnarketa eta eztabaidarako, egitasmo berriak sortzeko eta euskararen normalkuntzan herrian zein nazio mailan sortu daitezkeen egitasmoei aurre egiteko gunea da.[1]

2023tik Landetxe eraikineko 2. solairuan du bulegoa, AEK, UEMA, Udaleko Euskara Zerbitzua eta Oiartzungo Irratiarekin batera.

2001-2002 ikasturtean Euskara batzordeak zituen funtzioei eta izan beharko lituzkeenei buruz askotan jardun zen. Eztabaida horiek zenbaiten artean Oiartzunen euskarak zituen behar batzuk azalarazi zituen; hau da, euskararen alde lanean ziharduten taldeen arteko elkarlana, erabilerari begirako ekintzak...

Garai bertsuan, 2002ko martxoaren 7an, herriko lau euskaltzalek (Ane Lardik, Arantxi Iragorrik, Libe Ibañezek eta Aitziber Arnaizek) deituta kafe tertulia egin zen Oiartzun Irratiaren egoitzan. Bileraren helburua euskarak zituen beharren inguruan hitz egitea zen, eta horretarako euskararen alde lanean ari ziren herriko talde eta norbanakoei gonbidapena egin zitzaien. Kafe tertulia hori gaur egungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sorrera gisa ikus daiteke. Ttur-ttur izena jartzearen ideia, Miren Irigoienena izan zen, artean sortzaileen taldekidea zena.[2]

Hasierako Ttur-ttur, Euskal Herrian Euskarazek, Oiartzun Irratiak, Intxixu AEK euskaltegiak, Euskeran Itotiyak eta hainbat euskaltzalek osatzen zuten; hau da, euskalgintzan ziharduten elkarteen bilgunea zen. 2018tik, ordea, eta hausnarketa baten ondorioz, egitasmo ezberdinen kudeatzaileak izateaz gain, euskararen inguruan sor daitezkeen dinamiken babesle da; beraz, egitasmoen kudeatzaileek eta dinamika horietan parte hartzen duten herritarrek osatzen dute Ttur-ttur.

Ttur-ttur Landetxe eraikineko banaketan

Euskararekin lotuta, herrian sortzen diren proiektu guzietan parte hartzen saiatzen da Ttur-ttur. Izenak ongi dioen bezala, ttur-ttur eman ditu pausoak, baina urteak pasatu ahala, gorpuzten, egituratzen eta indarra hartzen joan da. Horren adierazle, esku artean izan dituen eta dituen egitasmo eta ekintzak:

Eguberrietako Liburu eta Disko azoka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an hasi zen Ttur-ttur Eguberrietako Liburu eta Disko azoka antolatzen. Udaletxeko pleno aretoan egiten zen Durangoko Azoka ondoren eta eguberriak baino lehen. Euskarazko liburu eta diskoak ekartzen ziren, euskal kulturaren kontsumoa sustatzeko. Azoka indartzeko, kultur ekintzak ere antolatzen ziren astean zehar: antzerkia, musika emanaldiak, hitzaldiak...[3]

Kuadrillategi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kuadrillategi Arcaishonen

2005-2006 ikasturteaz geroztik. DBH 1 eta 2ko gazteei dago zuzendua. Proiektuaren helburua gazteek, kuadrillan, euren harremanak euskaraz garatzea da. Oarsoaldeko Kuadrillategi egitasmoaren baitan kokatzen da Oiartzungo Kuadrillategi. Euskara, gazteak eta aisialdia lotzen dituen egitasmoa da hau ere.[4]

Ostiralero biltzen dira eurek aukeratu eta eurek antolatu dituzten ekintzak egiteko. Jolastu, pentsatu, abestu, eztabaidatu, antolatu, eraiki... euskaraz harremantzen dira. Gazteek herriko beste kuadrilletako jendea ezagutzeko aukera izaten dute, baita beste herrietako Kuadrillategiko gazteak ezagutzeko parada eduki ere.[5]

Abenduan egiten den Txerri Eguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txerri egunean

Txerri Eguna 90. hamarkadan hasi zen antolatzen AEKren eskutik; 2002az geroztik, ordea, Ttur-tturrek hartu zuen antolaketaren lekukoa, gaur arte. Txerri Eguna San Tomas egunaren aurreko larunbatean antolatu ohi da eta Oiartzungo periya deitzen dionik ere bada.

Txerri egunean artisauen, ekoizleen, eragileen postuz eta herriko ganaduzaleen ganaduz osatutako azoka egiten da; helburua euskal kultura eta euskara bera festa giroan plazara ekartzea delarik. Giro ederra izaten da: musika, janari eta edari postuak, artisauen lanak eta saski ederren zozketa.[6]

Gidaliburua

Oiartzuarren baitan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko eta hedatzeko egitasmoa da, kezka batetik sortu zena. Jakitun hizkera aldatzen ari zela ekin zitzaion grabaketa lanari, nafarra zen eta gipuzkoartzen ari zen oiartzuera jasoa gelditzea nahi zelako. Euskalkien jatortasun eta aberastasunarengatik hasi zen oiartzuera jasotzen, horretarako herriko aitona-amonengana joaz. Horrez gain, web orria sortu[7] eta herrian bereizgarri diren formekin hiztegia osatu da. Bide horretan “Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida” argitaratu da; berritasun gisa, Oiartzungo batua proposatu du gida horrek, eremu formalenetan erabiltzeko.[8][9]

Argazki zaharrak biltzeko gunea ere bada[10] eta honekin batera propio sortutako material didaktikoaren biltegi,[11] besteak beste.

Motibazio saioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DBHko ikasleentzat prestatutako ekimena, euskararen egoeraz eta norbere ohiturez gogoeta egiteko. Saio hauek herriko ikastetxeetako ikasleei eskaintzen dizkie Ttur-tturrek, DBH hirugarren eta laugarren mailako ikasleei, hain zuzen ere. 2005-2006 ikasturtean hartu zuen Ttur-tturrek saio hauek egiteko ardura, helburu hauekin: Hausnarketa egitea, kontzientziatzea eta herriko euskalgintza sustatzea.

Motibazio saioak urtero egiten dira, bai Haurtzaro Ikastolan eta baita Elizalde Eskolan ere.[12]

Jolas eta kantu tailerrak gurasoentzat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaleko euskara zerbitzuarekin batera gurasoentzako euskarazko kantu eta jolas tailerrak antolatzen dira, familia bidezko transmisio kanpainaren barruan. Ikastaroaren helburua, guraso euskaldunen kasuan, hauen hizkuntz kalitatea hobetzea da, eta ia euskaldunak direnen kasuan, ikasten jarraitzea. Eta bereziki, haurrekin euskaraz jolastuz gozatzea.[13]

Euskara Elkartera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa da. Egitasmo hau 2005-2006 ikasturtean jarri zen martxan. Egitasmoaren helburua herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzea da. Horretarako, 2007an hitzarmen orokorra sinatu zuten herriko hainbat elkartek. Ondoren, 2008an Oiartzungo 29 elkartek hitzarmen zehatzak sinatu zituzten eta hainbat konpromiso hartu zituzten euren elkarteetan euskararen erabilera indartzeko. Balorazio bileren bitartez egokitzen dira aurrera begirako urratsak.[14]

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak 2005-2006 ikasturtean hartu zuen bere gain egitasmo hau diseinatzeko eta martxan jartzeko ardura. Herriko denda, taberna eta jatetxeetan euskara gehiago ikusteko eta entzuteko, merkatari eta ostalariei laguntza eta zerbitzua eskaintzean datza. Horretarako egiten diren lan nagusiak hauek dira:[15]

  • Bezeroen bistan jartzen diren errotuluak eta oharrak euskaratu.
  • Bezeroentzako idatziak euskaraz egoki eta ulergarri idazteko aholkuak eman.
  • Euskara ikastaroak antolatu.
  • Udalak ematen dituen euskara arloko diru-laguntzen berri eman.
  • Hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten kontuetan lagundu.

Euskaraldiaren lehenbiziko edizioa 2018. urtean abiatu zen “11 egun euskaraz” lelopean, hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatu (euskara lehenetsiz) eta euskararen erabilera handitzeko asmoz. Euskal Herri osoan eragiteko mugimendua da, 11 eguneko praktika sozial masibo bateratua. Oiartzunen EuskaraldiaTtur-tturrek dinamizatzen du.[16]

Hikaldiaren lehendabiziko edizioa
Hika patrikan liburuxka

Hikaldia Euskaraldiaren baitan sortu zen dinamika da, Ttur-tturrek proposatua. Euskararen aberastasuna eta erregistro informala lantzeko ekimena da eta herri euskaldunetan “erronka” berri gisa ere hartzen da. 2020. urteko edizioarekin batera, Bergara eta Oiartzun izan ziren Hikaldiaren proba pilotuan parte hartu zuten herriak, Hikaldiaren aitzindariak, alegia. gara.[17]

Mugalde udalekuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean harremanak sendotzeko helburuarekin, Bortzirietako, Oiartzungo, Urruñako eta Sarako gazteak elkartzen dituen udaleku ibiltariak dira, euskara ardatz hartuta.[18]

Hika biziberritzeko ekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste, ikastaroak eta ikastetxeko saioak prestatzen dira, hika lehenengoz entzun nahi duenarentzat, pixka bat jakin badakien arren erabiltzera ausartzen ez den horrentzat, ohitura galdua duenarentzat, dakien hori hobetu nahi duenarentzat edota hikaz bizi daitekeela erakutsi nahi duenarentzat.[19]

Oiartzungo hika patrikan liburuxka sortu da. Bertan, aditz forma ezberdinak taulen bidez adierazita daude.[20]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2013-09-19). «TTUR-TTUR EUSKALTZALEON BILGUNEA KULTUR ELKARTEA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  2. «Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneaz | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  3. «Disko eta liburu azokarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu ditu Ttur-tturrek» Oarsoaldeko Hitza 2011-12-14 (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  4. «Kuadrillategi» Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  5. «Kuadrillategi | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  6. (Gaztelaniaz) EGARRIZ. (2008-12-19). «Txerri Eguna eta Liburu eta Disko azoka Ttur-Tturren eskutik» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  7. «Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  8. (Ingelesez) «Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2022-12-02 (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  9. «Oiartzungo hizkeraz aritzeko gidaliburua» Berria 2024-12-03 (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  10. «Argazki zaharrak | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  11. «Ipuinak | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  12. «Motibazio saioak | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  13. (Gaztelaniaz) PPLL. (2009-10-08). «Gurasoentzat, Kantu eta Jolas tailerra antolatu du Udaleko Euskara Zerbitzuak» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  14. «Euskara Elkartera (Oiartzungo elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa) | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  15. «Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa | Oiartzuarren Baitan» oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  16. GARAÑO. (2018-09-21). «Oiartzuarrak Euskaraldian parte hartzeko prest» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  17. V, E.. (2024-11-27). «Gaur hasi eta zortzi egunez ospatuko dute Euskararen Astea Oiartzunen» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  18. «Lapurdiko, Nafarroako eta Gipuzkoako haurrak saretzeko Uda Lekua eginen dute» Berria 2024-03-29 (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  19. GOIZARIN. (2020-09-27). «Udazkeneko hika ikastaroa, Ttur-ttur euskaltzaleon bilgunearen eskutik» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  20. https://www.oiartzuarrenbaitan.eus/sites/default/files/argitalpen/eranskin/hika-oiartzunen.pdf

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]