Musulmanen okupazioa Euskal Herrian
Euskal Herriko historia |
---|
![]() |
Musulmanek VIII. mendearen hasieran okupatu zuten Euskal Herria[1] . Hala ere, Euskal Herriko lurralde menditsuetan haien agintea Iberiar penintsulako gainerako lurraldeetakoa baino askoz ere ahulagoa izan zen[2].
Omeiatarrak euskal lurraldeetara heldu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mahoma hil eta urte gutxitan, Islamak ikaragarrizko hedapena izan zuen. VIII. menderako, armada musulmanek Afrikako iparraldeko eta Asiako hego-mendebaldeko hainbat lurralde konkistatu zituzten.
Garai hartan, Iberiar penintsula ia osoa bisigodoen menpe zegoen, eta euskal lurraldeetan baskoiak bizi ziren. 711. urtean, musulmanek Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuten Rodrigo Iruñean baskoien kontra ari zela, eta Guadaleteko guduan Rodrigo errege bisigodoa garaitu ondoren, Iberiar penintsula osoan hedatzeari ekin zioten.
715. urterako musulmanek hainbat euskal lurralde okupatu zituzten, baina ez mendialdeko lurraldeak; izan ere, lurralde haietako klima haientzat desegokia zen (hezeegia), eta ez zuten interes ekonomiko handirik agertu. Hala ere, musulmanek egungo Euskal Herriko hegoaldea konkistatu zuten, Iruñea ere tartean zela, horretarako bertako biztanleekin errendizio-hitzarmen batera helduz. Huesca ere, garai hartan euskal lurraldean kokatua, omeiatarren mende erori zen luze gabe.
Horrenbestez, omeiatarrek Ibañetako mendatean izango zuten muga bat, mendebaldetik ere Burebaraino helduko ziren eta ekialdetik, berriz, Jacara heldu izana oso litekeena da. Hain zuzen, Iruñea egungo Gaskoiniara espedizioak antolatzeko abiapuntu bihurtu zen 733. urte arte bederen. Konkista horren berri eman zuten historialari arabiarren arabera, garai hartako euskaldunak biluzik ibiltzen diren piztiak bezala bizi omen ziren[3].
Euskaldunak andaluziarrekin bat eginik eta bereiz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunak baskoien giza taldekoak izaki, Baskoniako dukerriarekin leialak ziren. Dukerri horren muina Pirinioez iparraldera zegoen, eta guztiz independentea zen 768 arte. Iberia islamdarreko indar militarrek (andaluziarrek) hainbat eraso egin zizkieten Pirinioez iparraldeko baskoiei, baita txikizioak eragin ere egungo Gaskoinian. Iruñea hainbatetan altxa zen Kordobako agintearen kontra, baina 781ez geroztik Ebroren arro osoa Abd ar-Rahmanen esku geratu zen.
Aldi berean euskaldun asko musulman bihurtzen hasi ziren, muladi direlakoak, eta lurraldean lurraldeko botere politikoak eratzen hasi ziren, betiere musulman, baina Kordobatik aparte, adibidez, Huescan eta Tuteran VIII. mende amaieran. Garai hartan, Banu Qasien leinu boteretsua hasi zen indartsu egiten Euskal Herriko hegoaldeko lurretan. Euskaldun izango ziren, edo beharbada ez, baina lotura estua izan zuten IX. mendean sortutako Iruñeko erresumarekin harik eta X. mende hasieran botere osoa galdu eta leinua galdu egin zen arte. Aragoiko Alfontso I.ak 1115. urtean Tutera konkistatu zuen, eta euskal lurraldeko musulmanen agintaritza politikoari akabera eman zion era horretan.

Artea musulmanen garaian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kordobako kaliferriaren menpeko eskualdeen gertutasunak eta Banu-Kasitarren jabegoekin harreman adiskidetsuak zirela eta, IX. mendean bederen, eragina izan zuen musulmanen eta mozarabiarren arteak eskemak eta ereduak hartzerakoan, bai arkitekturan nahiz bere edergarrietan. Mozarabiarren[5] arte aztarnak Nafarroako erresuma zaharrean zehar sakabanaturik diren gaztelu eta elizetako leihoetan gelditu zaizkigu.
Tuteran Musulmanen eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beharbada, nabariena, guztiz musulmana den horretan, Tuteran bilatu beharko litzateke, harresia eta gotorlekua zituela-eta, laster iritsiko zen penintsulako mahomatar hiri garrantzitsuena izatera.
Bertako eraikinik bikainena Mezkita Nagusia izan zen, Muza II.ak (841‑862) eraikia, nonbait. Haren aztarnak azaldu ziren katedraleko lanak egiterakoan. Aztarna horietatik ikusteko atseginenak zenbait kapitel eta mentsula dira, egun Nafarroako Museoan direnak.
Kapiteletan hainbat mota gorde dira:
- Batzuk, lerden, korintioen ereduari gertutik jarraitzen zaizkionak, akanto-hosto digitatu lirainekin.
- Besteak, zaharkitu itxura dutenak, kubo alderako egituradunak, marmol‑kararrizkoak, alakaz landutako palmeta-itxurako apaingarriak.
- Hirugarren motakoa, aldiz, izugarri liraina da, 0.40 m-ko altuera, hirukoizten duela eta zabalera, bisigotiko itxurakoa da eta arabiarren ikurrez eginiko epigrafia du.
Azkenik, bada neurriz txikiagoa den pieza bat, arku bikia zuen leiho bati zegokiona, nonbait; zaharkitu itxura du kizkur alakatuak eta saskiari erantsitako koilarinoa duena. Ferra‑arkutxoak pieza bakarrean dituen leiho bat geratzen da.[6]
Tuterako meskita berekoak dira dotore apaindutako harzurizko ukondoak, atariko aterpearen hegaletan zirenak. Egiturazko itxuraren arabera sailkatuz Iñiguez Almechek hirutan zatitu nahi izan zituen.
- Sail bat, 0.35 m zabalean eta 0,38 m alturarekin, koskaren kurba ukitzen duten biribilena da, aurre aldetik biribilen lokerako zain bat dute erdian eta hauek saihetsean tulipan-hostoz apainduak daude.
- Beste sail batek, ukondoaren kanpoaldeko zatia osatzen duen koskaren kurba inguraturiko taxutik sorturiko zuztarrez lotzen ditu biribilak edo erroiloak.
- Hirugarren sailak, lerro zuzenetan biltzen ditu biribilak modu bitxi askoren araberako zuztarrez osaturikoak. Abd‑al‑Ramanen garaiko islameko artetzat jo daitezke; baina beranduagoko aldiak gogorarazten dituzten zantzuak ere azaltzen dira.
Musulmana da baita garbiketako ur-aska zati eder bat ere, katedralaren ipar aldeko abside baten zoruaren azpian aurkiturikoa. Berauen aurrealdeak hirugingilezko arkuez apainduak dira, eraztun eta soka-izpizko ingurune bikoitz batean mugatuak, andaluziar ereduen aztarna garbiak.
Musulmanen bi kutxatila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dugu bukatutzat emango sail musulman hau, bi artelan bitxi lehenik aipatu gabe: Fitero eta Iruñeko marfilezko kutxatilak. Gerrako harrapakinak izango ziren eta beharbada zenbait jaberen eskuetatik igarotakoak.
Fiteroko Kutxatila prisma egiturakoa da: 89 x 128 mm luze-zabalean eta 83 altueran. Medina Azaharako Halaf marfil eskulangileak eginiko sinadura darama, gure aroko 966. urtean, emakume bati eskaintza eginaz, agian Alhakam II.aren arrebari ala emazteari. Horrela bada, kaliferrietako lantegietako lehen aldikoa da. Ataurike fineko apainketa du, landaretza hutsezko gaiei buruzkoa, hondoa bera ere laua du, baina erliebe lauez nabarmendua.
Leireko Kutxatila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oraindik ere oparoagoa da, edozein alderditatik, Iruñeko Museoan dagoen Leireko kutxatxoa, Nunilo eta Alodia martirien erlikia-kutxa bihurturik dago.
Baditu 33 cm luzeran, eta 22 cm zabalean eta altueran. Medina Azaharatik datorrena da berau ere, gure aroko 1005. urtean Faray eta hainbat ikaslek izenpeturik dago, eskaintza luze bat dauka Alah‑en eta buruzagi baten ohoretan, beharbada Almanzorren seme Abd‑del-Malik‑en ohoretan, marfil gaineko erliebe finak ditu bere alde guztietan eta baita estalkian ere. Bi aurre luzea hiru domina gingildu handitan zatitzen da, eta saihetsetakoak bitan.
Fiteroko kutxatilarekin kontrajarriz, Leirekoari ataurikea gutxitu eta animalia multzoak –ehiza-eszenak– eta giza irudiak –kalifa, musika tresnak jotzen ari diren emakumeak, zerbitzariak eta abar– gehitu zaizkiolako nabarmentzen da, eta litekeena da ekialdeko ereduetan inspiratua izatea; baina, dena dela, konposaketa zentzu handikoa da eta irudietan plastikotasun orekatua duena; hau dela eta Kordobako marfilgintzako piezarik ederrenetarikoa da.
Mozarabiarren arrastoak dituzten kristau-elizak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musulmanek eraikinetako artelanetatik kristau-elizetara igarotzen bagara, errekonkista lanagatik Iruñeko erresumaren alderdietara pixkanaka hedatuz joan zirenetan ez dugu sumatuko gurtzaren aztarnetan gabeziarik. Muga aldeko lurrak zirenez, mozarabiarren aztarnak eta baita bisigodoen oroigarri zenbait ere suma daiteke lehen begirada batean.
Araba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aistrako San Julian (Zalduondo)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabako iparraldean orain gutxi aurkitu eta zaharberritu zen (garai bateko Aistra udalerrian) Zalduendoko San Julian ermita. Eliza hau, uste izaten denez, behintzat, Julian eta Basilisa Santuei eskainia da, martiri egiptiarrak biak, eta beren aldeko jaiera VII. mendetik hedatu zen Penintsulan.
Neurriz txikia da, eta zorua angeluzuzena du, harritzar handiz eta hutsean muntatuz, erromatarren tradizioko tresneriaz eraikia dago. Eraikina teilatupetik doan zeharkako alaka-erlaitz batean bukatzen da, sortaldeko eta sartaldeko hormen goialdean frontoi baten oinarriak osatuz. Hegala du hainbat eratako harburuen gainean ezarria: bata leuna da, bestea animalia buruz apaindua eta beste zenbait giza buru zakarrekoak.
Ekialdera, leiho tailatu txiki bat ageri da okre kolorekoa, harri monolitiko baten gainean, besteak baino nabarmenagoa da eta itsu‑leiho estu bat du zuloa, marra bikoitz paralelo batez apaindua, alde banatan bana, eta burualde modura ferra begi itxura duen zabalune batez koroatzen da, harritzekoa bada ere, Ourenseko Ambiako Santa Eufemiaren antzekoa da.
Eliza txiki honi bisigodoen garaiko[7] data jarri dionik ez da falta izan: baina, bere antzinakotasun itxura hori, arkitektura tradizioetako bizirik iraute baten moduan hartu izan ohi da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ LURRA 2 GIZARTE, Vicens Vives
- ↑ http://eu.wikipedia.org/wiki/Iberiar_Penintsulako_konkista_musulmana
- ↑ Euskal Herriaren historia, Iñaki Egaña
- ↑ Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
- ↑ Historialariak, (mozarabiarra?, populatzekoa?, mugakoa?) estilo honentzat egokiena den deitura bila ibili direnean, harrituta eta ziurtasunik gabe aurkitu dira, egiturazko ezaugarrien arabera definitzen saiatu direnean bezainbat. Jacques Fontainek, arte mozarabiarraren egituren benetako bateratzailea espazioen barruko banaketan dagoela uste du, bisigodoen arkitekturan baino askoz garbiago banatuak egotean. Kanpoaldean kordobarrarekin bat datozen lau osagaiekin bereizten dira: biribiletako erlaitzak, alfizeko hozkadurak, leiho bikien ajimezak eta oso gaindituriko ferra-arku egitura. Osagai hauek absideetan harrizko sabaiekin eta gurutzaduren besoekin nahastuan daude, jada erromanikoa aldarrikatuz.(Lo mozárabe, 52-54. or.).
- ↑ B. PAVON MALDONADO, “La Mezquita Mayor de Tudela”. El arte en Navarra-n. “Diario de Navarra” Argtl., (Iruñea, 1994) 2. znb., 17-32. or.
- ↑ M de LEKUONA, O.c., 68. or.