Edukira joan

Miina Härma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Miina Härma

Bizitza
JaiotzaKõrveküla (en) Itzuli1864ko otsailaren 9a
Herrialdea Errusiako Inperioa
 Estonia
HeriotzaTartu1941eko azaroaren 16a (77 urte)
Hobiratze lekuaRaadiko hilerria
Hezkuntza
HeziketaSan Petersburgoko Musika Kontserbatorioa
Hizkuntzakestoniera
Jarduerak
Jarduerakorkestra zuzendaria, musikagilea, abesbatza-zuzendaria, musika-irakaslea, organista eta musika-irakaslea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoamusika klasikoa
Musika instrumentuaorganoa

Musicbrainz: 2c62c554-2c30-4b79-bfe3-8cc01134c041 Discogs: 2542748 Allmusic: mn0002256208 Find a Grave: 91856510 Edit the value on Wikidata

Miina Härma (1935 baino lehen Miina Hermann[1]; Kõrveküla, 1864ko otsailaren 9agreg./urtarrilaren 28ajul.Tartu, 1941eko azaroaren 16a) estoniar musikagile, abesbatza-zuzendari eta organo-jotzailea izan zen.[2] Musikan goi mailako ikasketak egin zituen bigarren estoniarra izan zen,[3] eta herrialdeko lehen emakume musikagile profesionala ere bai.[4]

Miina Hermann Kõrvekülan jaio zen irakasle baten familian.[2][5] Bere gurasoek zazpi seme-alaba izan zituzten guztira. Amak zein aitak musika hezkuntza jaso zuten.[5]

Bere kabuz hasi zen musika ikasten, aitak erosi zion organo txiki bat joz. 15 urte zituela, konposizioa eta pianoa ikasten hasi zen Karl August Hermannen eskutik (abizen bera izan arren, ez ziren senideak). Hermannek bultzatuta, San Petersburgoko Musika Kontserbatorioan sartu zen, eta 1883tik 1890era organoa eta konposizioa ikasi zituen. Louis Homilius irakaslearen klaseko ikasle bakarra izan zen. Kontserbatorioan ikasten ari zela moldatu zituen hainbat abesti Laulu ja mängu lehe aldizkarian argitaratu ziren.[5] 1890ean kontserbatorioan graduatu ondoren, San Petersburgon geratu zen eta bertako Estoniar Ongintza Elkarteko abesbatza zuzendu zuen, Estonian lan egokia aurkitzeko zailtasunak baitzituen. 1891-1892ko negua Alemanian eman zuen, batez ere Leipzigen.[5]

1894an, Estoniar Abestiaren 5. Jaialdia ospatu zen urtean, Estoniara itzuli zen, Tartura, eta musika irakasteari ekin zion. Gainera, Miina Hermanni Lauluseltsi izeneko abesbatza misto bat sortu zuen, San Petersburgon, Pskoven eta Rigan abestu zuena. Organo-jotzaile gisa, Alemanian eta Ingalaterran kontzertuak eman zituen.[5]

1903an, arazo ekonomikoak zirela era, Kronstadtera joan zen, non Estoniar Ongintza Elkarteko kide izan zen, emakume estoniarren elkarteetan parte hartu zuen eta elizako abesbatza bat zuzendu zuen. 1915ean hiria utzi behar izan zuen, Lehen Mundu Gerra hasi baitzen eta zibilek ez baitzuten bertan geratzeko baimenik. Tartun musika azkar garatu zen arren, oraindik ere zaila zen musika irakasleentzat lan bat aurkitzea. 1917an, Härma musika irakasle bihurtu zen gaur egun bere izena daraman eskola batean, eta kargu horretan 1929ra arte geratu zen.[2][5]

Musika Hezkuntza eta Kulturaren Sustapenerako Elkarteko sortzaile izan zen eta bertako arduraduna izan zen 14 urtez.[6][7] Tartuko Emakumeen Elkartearen, Estoniako Museo Nazionalaren, Estoniako Literatura Elkartearen eta beste hainbat erakunderen lanetan aktiboki parte hartu zuen. 1924an, Estoniako Emakume Ikasleen Elkarteak Miina Härma ohorezko kide egin zuen.[5] 1939an, Härma Tartuko Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten, eta izendapen hori lortu zuen lehen emakumea izan zen.[2]

Miina Härma Tartun bizi izan zen hil arte. Raadiko hilerrian lurperatuta dago.[8] 1965ean, A. Eller eskultore estoniarrak granitozko hilarri bat jarri zuen bere hilobian.[9]

Gustav Ernesaks musikagileak Miina Härmari «Estoniako abestien jaialdien ohorezko amona» deitu zion.[10]

Abesbatzarako 200 bat lan idatzi zituen, tonu lirikoarengatik bereizten direnak. Horrez gain, abesbatzarako hiru abesti-liburu, hamar kabatina, Kalev ja Linda (euskaraz: «Kalev eta Linda») kantata (1895), herri-kanten hainbat moldaketa eta Murueide tütar (1902) izeneko singspiel bat sortu zituen.[11]

Abesbatzarako abestiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ei saa mitte vaiki olla (1896, Anna Haavaren poeman oinarritua)[11][12]
  • Enne ja nüüd
  • Meeste laul (1901, Jakob Liiven poeman oinarritua)[13][14][15][16]
  • Nooruse unenägu (1922)[11]
  • Kojuigatsus (1922)[11]
  • Kui sa tuled, too mull' lilli (1892)[11]
  • Pühendan kõik kallile
  • Ta lendab mesipuu poole (1922)[11]
  • Ööbiku surm (1892)[11]

Herri-kanten moldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Tuljak (1898)[11]
  • Lauliku lapsepõli (1898)[11]
  • Tule koju (1898)[11]
  • Ehi, veli, opi veli

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1930: Arranoaren Gurutze Ordena (III. klasea)
  • 1935: Estoniako Gurutze Gorriaren Oroimen Ordena (II. klasea)
  • 1938: Estoniako Gurutze Gorriaren Merezimenduaren Ordena (II. klasea)
  • 1939: Tartuko Unibertsitateko honoris causa doktoretza[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Errusieraz) Ida, Oskar. (2007). Эстонские были. Sata, 207 or. ISBN 5699597689. (Noiz kontsultatua: 2025-04-17).
  2. a b c d e (Estonieraz) Hinrikus, Rutt. «Miina Härma (1864-1941)» Kreutzwaldi sajand (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  3. (Ingelesez) «Miina Härma» Estonia in Song (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  4. (Ingelesez) «Miina Härma» Estonian Music Information Centre (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  5. a b c d e f g (Estonieraz) «Miina Hermann juubilar» Päevaleht 40: 5. 1934-02-10 (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  6. (Estonieraz) Eesti nõukogude entsüklopeedia. 3 Tallinn: Valgus (argitaratze data: 1988), 510-511 or..
  7. (Estonieraz) Kalling-Kant, Leida. (1964). «Miina Härmaga enne ja nüüd» Tulimuld 1: 29..
  8. (Ingelesez) Kändler, Tiit. (2002). A Hundred Great Estonians of the 20th Century. Tallinn: Estonian Encyclopaedia Publishers, 52 or. ISBN 978-9-98570-103-4..
  9. (Estonieraz) «Miina Härma (1864-1941) haud» Tartu (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  10. (Estonieraz) Ernesaks, Gustav. (1977). Nii ajaratas ringi käib. Tallinn: Eesti Raamat, 93-94 or..
  11. a b c d e f g h i j (Estonieraz) Vahter, Artur. (1971). Miina Härma. Tallinn: Eesti Raamat, 149-153 or..
  12. (Estonieraz) «Ei saa mitte vaiki olla» Eesti Muusika Infokeskus (Noiz kontsultatua: 2025-04-05).
  13. (Estonieraz) Kalevala kontserdi laulud nalja laulude lisaga. (2. argitaraldia) Tartu: M. Varese kaupluse kirjastus (argitaratze data: 1901), 109-110 or..
  14. (Estonieraz) Juubelialbum Miina Härma 150: Enne ja nüüd. Tartu (argitaratze data: 2014), 102 or..
  15. (Estonieraz) «VIII laulupidu (1923)» Eesti Laulu- ja Tantsupeo SA (Noiz kontsultatua: 2025-04-01).
  16. (Estonieraz) «Meeste laul» Käsikirjade andmebaas (Eesti Muusika Infokeskus) (Noiz kontsultatua: 2025-04-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]