Edukira joan

Maslenitsa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maslenitsa
Irudia
Motajaiegun eslaviarra
Inauteri
Honen izena daramagurin
Honen parte daSlavic folk calendar (en) Itzuli
Iraupena7 d
HerrialdeaErrusia, Ukraina eta Bielorrusia
Osatuta

Maslenitsa (bielorrusieraz: Масленіца; errusieraz: Мaсленица, ˈmas⁽ʲ⁾lʲɪnʲɪt͡sə ahoskatua; rusinieraz: Пущаня; ukraineraz: Масниця), Gurinaren, Matahamiaren eta Gaztaren Astea ere deitua, ekialdeko eslaviar herrialdeetan (Errusia, Ukraina, Bielorrusia, etab.) ospatzen duten jai erlijioso eta folklorikoa da.

Garizuma Handiari bide ematen dion azken astean ospatzen dute. Jaieguna inauteri katolikoaren parekoa da, garizuma ortodoxoan ez bezala, asteazkenean hasi beharrean astelehenean hasten dena.

Froga arkeologikoek erakusten dutenez, Maslenitsaren jatorria II. mendekoa da. Eslaviar jai zaharrenetako bat da, jatorri paganoak dituena, hala nola lituaniar Užgavėnės eta antzeko ospakizun baltikoak. Eslaviar mitologian Veles jainkoari eskaintzen zaion udako ekitaldia da eta iparraldeko hemisferioko neguaren amaiera ospatzen dute.[1][2]

Aste honetan debekatuta dago okela kontsumitzea, eta arrautzak, esnekiak eta haragitik eratorriak ez diren beste produktu batzuk baimenduta daude, horrexegatik Syropustnaia nedelia (euskaraz: «Gaztaren astea») diote. Janaririk bereizgarriena bliniak dira, gurinarekin, arrautzekin eta esnearekin batera. Paganismoaren garaietan, blinien zirkulu-formak eta urre-tonuak eguzkiaren laudorioak sinbolizatzen zituzten.

Maslenitsa jarduera sozialen parte izateko azken aukera da, baita mozorroak eramatea eta alkohol-kontsumoa ere, garizuma-garaian debekaturik dagoena.[1]

Maslenitsaren astean zehar jarduera tradizionalak aldatu egiten dira. Lehenengo egunean, "Txutxelo Maslenitsi" (euskaraz: «Maslenitsaren txorimaloa») izeneko panpinari ongietorria ematen diote, Kostromaren tradizioari jarraiki lastoz egina dagoena. Gero prozesioan ateratzen dute jendeak txiroei enpanadak banatzen dizkien bitartean.[3]

Azken egunari "Barkamenaren Eguna" diote (Prostxionoe voskresenie, Inauteriko igandearen baliokidea). Jardunaldi honetan senideak eta lagunak bisitatu eta bakeak eginten dituzte opariak emateaz gain. Jaiaren amaieran txorimaloa pizten dute sutzar batean.[3]

Sobietar Batasunaren garaian, beste jai erlijioso batzuetan bezala, Maslenitsak egutegian ofizialtasuna izateari utzi zion; hala ere, familia batzuek beren esanahi erlijiosoa bilatu gabe ospatzen zuten jaia, lagunen, ahaideen eta gertukoen artean bakarrik bilduta. Perestroikaren ondoren, Gobernuak ofizialki berriro ospatzea onartu zuen.

Gizarte sekularra denez, errusiarrek haragia jaten dute produktu honek Maslenitsan eraginik izan gabe.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) Wilson, Josh. (2005-3-9). «Maslenitsa, Blin! The Food and Celebration of the Russians» Newsletter, The School of Russian and Asian Studies.
  2. McKibben, Margaret. «Maslenitsa» Russian Folk Group of Seattle, WA (Seattle Community Network).
  3. a b (Ingelesez) «Malenitsa, a Week of Festivities» Ruslanguage School Moscow 2012-2-22.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]