Francisco Grande Covián
Francisco Grande Covián (Colunga, 1909 – Madril, 1995eko ekainaren 28a) espainiar medikua izan zen.
Metabolismoaz eta diabetesaz egindako ikerketa biokimikoengatik ezaguna. Medikuntza-ikasketak egin zituen, Madrilgo Unibertsitatean. Ikasketak amaituta (1932an lortu zuen doktoregoa), Europako zenbait zentrotan lan egin zuen, Danimarkan, Suedian eta Londresen batez ere. 1935ean, Madrilgo Unibertsitateko fisiologia katedraduna izendatu zuten, eta 1950ean, Zaragozako Unibertsitateko fisiologia eta biokimika katedraduna. Estatu Batuetan, Minnesotako Unibertsitatean irakasle izan zen, eta Minneapolisko erietxe baten zuzendari. Bihotzari eta diabetesari buruzko lan jakingarriak asko egin zituen. Gizakiaren elikaduran aditua zen, eta oso gogor egin zuen barazkijaleen, makrobiotikoen eta argaltzeko dieten kontra, bitamina urrikoak izateagatik. Aldiz, Mediterraneoko dietaren eta oliba olioaren defendatzaile sutsua zen, dieta horrek oso ondorio onuragarriak baititu odolaren kolesterol tasetan eta bihotzeko eritasunetan. Idatzi zituen lanen artean, aipagarriak dira Nutrición y salud (Elikadura eta osasuna) eta Reflexiones sobre nutrición humana (Gizakiaren elikadurari buruzko gogoetak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.